XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udalerriaren sorrera eta nortasuna

Pío Pérez Aldasoro

Josu Elberdín

1. Pasaia eta bere portuari buruzko interes kontrajarriak

Pasaiaren historia aztertzerakoan, udalerriaren sorreran gatazka ugari eta etengabeko auziak izan zirela antzeman daiteke.

Pasaiako badia kokagune estrategikoa zenez, inguruko herri guztiek euren kontrolpean eduki nahi zuten.

Herri horiek (Donostia, Hondarribia eta Errenteria) etekin onik ateratzen zioten Pasaiako portuko merkataritzari, eskualdez gaindiko gobernu desberdinek egiten zuten bezalaxe.

Zenbaitetan, argudio militarrak edo segurtasun arrazoiak erabiltzen zituzten Pasaiako badiaren gainean zuten kontrola justifikatzeko; baina, azken batean, arrazoi ekonomikoek bultzatzen zituzten portua kontrolatzera, ondoren ustiatu ahal izateko.

Behe Ertaroan, Donostiako hiriak Pasaian ainguratuta zeuden untzien gaineko kobrantza-eskubidea esleitu zion bere buruari, Nafarroako Antso Jakituna erregearen Forua argudiatuz, ur pasaitarren gaineko eskubideak hiri horri zegozkiola zioen forua, hain zuzen ere.

Badiako merkataritza eta itsas jarduerak kontrolatzeko premia hori, pasaitarren eta inguruko herrietako biztanleen arteko sesio-iturri izan zen mendez mende.

Kontrol hori burutu ahal izateko lursail, ondasun eta biztanleen gaineko eskumena behar zen; eta. horrela, Pasaiako kaiako zamalanen gaineko dirusarreretan eskuhar zitekeen.

Gatazka horiek gertatzean, herri bakoitzeko biztanleek bat egiten zuten eta, euren agintari, merkatari edo jabe txikien inguruan bildurik, talde trinkoa osatzen zuten beraienak jotzen zituzten interesak defendatzeko.

Merkatal interesak handiak baziren ere, pasaitarrak inguruko herrien aurrean elkartzeko bazegoen bestelako arrazoirik.

Onura ekonomikorik txikienak jasotzen zituzten taldeak arrantzari lotutakoak izaten ziren gehienbat eta, horien ogibidea gehienbat itsasotik etortzen zenez, bai arrantzaren bidez bai itsaskiak harrapatuz, kostaldetik hurbileko lursailak behar zituzten.

Lau herri eta biztanle ugari ziren, interes kontrajarriak izanik, eremu txiki bat kontrolatu nahian zebiltzanak.

2. Udalerria eraikitzeko ingurune korapilatsua

Pasaia, izen bereko badiaren inguruan kokatuta dago, Bizkaiko Golkoaren osagarri den erpin batean.

Pasaiako badiak portu naturala osatzen du, Kantauri itsasoaren enbateen aurrean babesturik eta seguru dagoen fiorda.

Badia hori eta berorren albo banatan dauden Ulia eta Jaizkibel mendiak dira udalerriaren eraikuntza eta hiri garapenerako topa ditzakegun orografia baldintzatzailerik behinenak.

Biztanleria guneak sortu direneko lurrak malkartsuak dira, menditsuak, Antxoko barrutian lekututakoak izan ezik, zeinak antzina padura baitziren.

Jaizkibel eta Ulia garaiegiak ez diren arren (Jaizkibelek apenas 500 metroak gainditzen dituen, eta Ulia dezente apalagoa da), beren hegalak ia elkarzutik amiltzen dira itsasora.

Pasaiako hiri garapenerako eta bizigarritasunerako oztopo fisiko eta orografia eragozpen bereziak gertatuz.

Oztopo fisiko horiek mendi-hegalen eta badiako uren artean geratzen ziren lur-eremu urrietan eraikitzera behartu zituzten lehenengo biztanleria guneak, badian barrena hedatuz eta itsasoari lurrak kenduz, balia zitezkeen eremu eraikigarriak hain gutxi izaki.

Itsasoari lurra kentzea jarduera etenganbea izan da Pasaiako hiri garapenean, denboran zehar mantendu den joera.

Horietatik nagusienak kai-mutur eta palafito bidezko lehorketa eta erainkuntza izan ziren.

Teknika horien bitartez eraikinak, etxebizitzak, jolaslekuak, eta, ondorenean, portuko kaiak, komunikabide nagusiak (errepide nazionala eta trenbidea) eta industriguneak, egin ziren.

Paduren eta lur zingiratsuen lehorketa Erdi Aroko erdialdeko mendeetan emandako hedapenaren ostean erabilitako tekniketatik bat izan zen.

Zeregin horretarako biztanleak akuilatu egiten ziren, modu horretan irabazitako lur-eremuei probetxu atera ziezaieten.

Lehorketa ura zuzenean ukitzean trinkotu egiten ziren belar-zokor gainjarriak ipiniz gauzatzen zen.

Jaizkibel eta Uliako hegaletatik hainbat material tona erauzi zen direlako zereginak burutzeko.

Paduren lehorketarako teknika hori Frantziatik ekarria zen, Normandiako itsasertzetik zehazki.

Pasaian bizitzen eta bertan tratuak egiten hasi ziren emigratzaile gaskoiek ekarri ere.

Lur zingiratsu edo uretakoak ustiatzeko beste sistema bat kai-muturrak eta paldoak erabiltzearena izan da.

Injinerutza sistema berriagoetaz ari gara, non hormigoi armatua eta altzairua erabiltzen baita.

Metodo horien bitartez eraiki dira Pasaian portuko eremua osatzen duten kai ezberdinak.

Pasaiako orografiak ere eragozpenak ekarri dizkio bertako biztanleen inguruko gune nahiz herrietarako lehorreko komunikazioari.

San Pedroko biztanleek harreman estuak mantendu izan ohi dituzte Donostiarekin, honek sarbide erraza baitzuen, eta Donibaneko eremuko biztanleek, berriz, Hondarribia aldera jotzen zuten.

Barruti ezberdinen elkarren arteko edo Lezo, Errenteria edo Oiartzun bezalako herriekiko komunikazioa itsasoz burutzen zen, badian barrena.